Gure formakuntza

Astialdiko hezkuntza pertsonen lankidetzan eta zenbait baliotan –besteak beste, errespetua, justizia, adiskidetasuna, enpatia, altruismoa, nork bere burua gainditzea edo boluntariotza– oinarritzen da. Elkarrengandik ikasten dute: ikasleek beste pertsona batzuekin batera bizitzean ikasten dute, beren monitoreek ezarritako hezkuntza-helburuen arabera. Pertsona kritikoaren, aktiboaren eta gizartearekin konprometituta dagoen pertsonaren ereduaren alde egiten dugu.

Gure neska-mutilak etengabe ari dira ikasten, baina monitoreok ere jarraitzen dugu gauza berriak ezagutzen eta jakiten. Hezitzaile garen aldetik, ezin gaitezke atzean geratu, eta prest egon behar dugu hezigaien beharrei erantzuteko. Neska-mutilak etengabe bilakatzen ari diren modu berean, gu ere bai.

Eskaut mugimenduan, monitoreen prestakuntza ezinbestekoa da, kalitatezko hezkuntza eskaintzeko. Gure ordezkaritza, Euskalerriko Eskautak Bizkaia (EEB), Elizbarrutiko Hezitzaile Eskolaren (EDE) partaide da, eta bi horietan, taldeei laguntza eta aholkuak emateko ardura duen aditua dago.

Hori guztia dela eta, gure lana boluntarioa bada ere, Administrazioak araututako titulazioaren alde egiten dugu. Taldean hezitzaile izateko, gutxienez, astialdiko monitorearen titulua eduki behar da. Hezkuntza-arloko zereginean eginiko urteen eta hartutako esperientziaren bidez, beste titulu batzuk ere aterako ditugu, besteak beste, astialdiko zuzendariarena, lehen sorospenetakoa, elikagaien manipulatzailearena…

Begiraleak formakuntza saio batean.

Hala ere, gure ikaskuntza ez da amaitzen tituluak gainditzean. Eskubeltz Eskaut Taldean prestakuntza-arduradun bat dugu eta, prestakuntza-taldea osatzen duten pertsonekin batera, monitoreen prestakuntza-eskariak bilatzeko eta biltzeko ardura du. Gero, talde honek pertsona egokia bilatzen du horiek gauzatzeko edo beraiek prestatzen dituzte, ikastaroan zehar antolatutako saioetan emateko edo prestakuntza jasotzeko berariaz urtero antolatzen diren monitoreen anaitasunezko bileretan emateko.

 

Azken batean, pertsonak askatasunez heziko dituen estilo pedagogikoa bilatuz, beren kabuz erabakitzeko gauza izan daitezen. Guzti hau, ondorengo esparruan egin behar dela uste dugu:

• Gizakiaren alderdi guztiak (intelektuala, gorputzarena, afektiboa, soziala, morala eta erlijiosoa) hartuko dituen osoko hezkuntza

• Askatasun indibidual eta kolektiboaren garapena eragingo duen eta gizakiari bere alderdi pertsonala eta sakona askatzen lagunduko dion hezkuntza askatzailea

• Bere bat-bateko jarduera errespetatuz eta bere beharrei erantzunez, ikaslea oinarritzat izango duen hezkuntza aktiboa

• Bi noranzkoko hezkuntza, hezitzailearen eta ikaslearen arteko harremanak elkarrekiko eta baterako hazkundea bultza dezan

• Beren jatorri, ideologia edo gaitasunak aintzat hartu gabe, pertsonen onarpen indibidualean oinarrituko den hezkuntza integratzailea

EE idearioa, A11

Esta entrada también está disponible en: Gaztelania