Pazkoa arrautza daukazue jada?

Gazteleraz >>

Jesus berpiztu da! Jesus gurutzean hil eta hiru egunetara, apostoluak hilobira hurbildu ziren bera gurtzera, baina heldu zirenean ez zuten bertan aurkitu, berpiztu egin zelako. Momentu hori gogorarazteko asmoz Pazkoa aldia ospatzen da. Pazkoa aldia Jesusen berpizkundearen osteko 50 egunek osatzen dute, Mendekoste egunera arte. Egun hauetan zehar Jesus berpiztu egin zela gogorarazten da, eta alaitasunez eta gogo handiz bizi behar dugun momentua da.

Aurten egoera zail bat bizitzen ari gara, baina eskauton lege batek esaten duen bezala, “eskautok oztopoak alaitasunez gainditzen ditugu”. Eta hori da Jesusen berpizkundearen arrazoi nagusia, poztasuna eta itxaropena gure bihotzetan sortzea. Jesusen heriotzak ez du amaiera esan nahi, Jesus gure alboan jarraitzen du, betiko moduan, eta ez dugu hori ahaztu behar. Gogoratu, Jesus gauza, pertsona eta ekintza txikietan topa dezakegula, begiak eta bihotza zabal-zabalik izan behar ditugu bakarrik.

Jesusen berpizkundea ospatzeko hurrengo ekintza proposatzen dizuegu:

Pazkoa arrautzak margoztu beharko dituzue, nahi duzuen moduan (irudiak adibideak dira bakarrik) etxean dituzuen materialekin. Ondoren, zuen arrautzen argazkiak bidali beharko dizkiguzue begiraleei gurrosolo.eskubeltz@eskaut.org helbidera. Modu honetan, parte hartzaile guztiekin zozketa bat egingo dugu. Saria Eskubeltzeko kamiseta bat izango da, nahi duzuen kolorean. Aste bateko epea daukazue zuen argazkia bidaltzeko, zozketa Apirilaren 19an izango da.

Eta zergatik pazkoa arrautzak? Ba orain dela urte asko, Kristauek garizuma aldian ezin zituzten arrautzak, esnekiak eta okela jan. Arrautzak jan ezin zituzten arren, oiloek arrautzak jartzen jarraitzen zuten, beraz, fresko mantentzeko, argizariarekin estaltzen zituzten eta berpizkunde igandean bere lagunei oparitzen zizkieten. Urteak pasa ahala, garizuman arrautzak eta esnekiak jatea ahalbidetu zen, baina arrautzak oparitzearen ohitura mantendu zen eta txokolatezko arrautzak oparitzen hasi ziren.

Partekatu!