Kurtsoa hasi dugu!
INÉS GUTIÉRREZ.- Aurten kurtsoari hasiera emateko zerbait ezberdina egin dugu. Pasaden larunbatan, Artxandako behatokira joan ginen Eskubeltz osatzen dugunok: familiak, begiraleak eta adar guztietako partaideak. Algortan geratu ginen eta, ozta-ozta metrora ailegatuz, Bilborako bidea hartu genuen. Behin, Bilbon, denok batera Artxandako behatokirako bideari ekin genion. Nabaritu zen uda pasa den arren, sasoi-sasoian geundela!
Behin behatokian, hamaiketakoa jan genuen egun ahalik eta indar gehienekin hasteko, goizean zehar egingo genituen jolasetan den-dena emateko eta topera disfrutatzeko. Jolasteko momentua hasi zen, baina… Zer izango litzateke Eskubeltz kantarik gabe? Eztarria berotu eta mazedonia prestatu genuen: basora joan ginen eta animalia arraro bat topatu genuen, baita herkules ezagutu genuen ere. Dena abesten, noski.
Ondoren, bi taldetan banatu ginen eta behatokia goitik behera ezagutzeko begiraleek prestatutako gymkana bat osatu genuen, funikularretik hasita, zuhaitz mota batzuk ezagutzera. Hemendik hona korrika eginez, konturatu barik, heldu zen bazkaltzeko ordua! Bazkaldu ondoren, etxera bueltatzeko ordua heldu zen eta, bat-batean, izugarrizko haizea hasi zen. Koskorrak batzuek harriak sartu behar izan zituzten hegan ez ateratzeko…
Hala ere, guztiz salbu heldu ginen Algortara egun zoragarri bat familian disfrutatu ondoren.