Eskubeltzek aisialdian heztearen botere eraldatzaileari buruzko topaketa egingo du

Eskubeltzek aisialdian heztearen botere eraldatzaileari buruzko topaketa egingo du

2026-11-03 Destacado Noticias 0

Eskubeltz Eskaut Taldeak hausnartzeko topaketa batekin emango die amaiera bere 35. urteurrenaren ospakizunei. Topaketan, hezkuntza-aisialdiak gizartearen eraldaketan egiten duen ekarpenei buruz hausnartuko da, zer-nolako eginkizuna duten haur eta gazteen garapenean hezkuntza-aisialdian erabiltzen diren tresnek eta metodologiek aztertuz; baita horiek komunitatea sortzeko eta gizartean aldaketak sustatzeko duten gaitasuna ere.

Getxoko Udaleko Gizarte Kohesioko Arloarekin batera antolatu da jardunaldia, eta Tiki Toki zentroan (Makaleta etorbidea z.g.), Fadurako kirol-instalazioen ondoan, egingo da azaroaren 14an, larunbata. Ateak 17:30ean irekiko dira eta sarrera doakoa da, lekuak bete arte.

Topaketa hasteko bi mahai-inguru egingo dira. Lehenengoan, gizartea eraldatzen duten eskaut aisialdiaren berezko metodoak eta estrategiak aztertuko dira. Horretarako, gizarte- eta hezkuntza-sareak laguntzen adituak diren pertsonek hartuko dute parte. Bigarrenean, Getxoko gizarte eta hezkuntza arloko elkarteetako eta erakundeetako ordezkariak bilduko dira, eta aztertuko dute prestakuntza osagarri horrek haien lanean eta udalerriko komunitate-garapenean zer-nolako eragina izan duen.

Ekitaldia amaitzeko, manifestu bat sinatuko da Getxoko Udalarekin batera. Manifestuak komunitatean heztearen garrantzia nabarmenduko du, eta taldeak hitzemango du lanean jarraituko duela hezkuntza-aisialdiaren bidez gizarte kohesionatuagoa eraikitzeko, udalerriko gizarte- eta hezkuntza-errealitatetik abiatuta. Azkenik, taldeak espresuki urteurrena ospatzeko sortu den abestia aurkeztuko du eta gazte guztiek parte hartuko dute.

Ainhoa Revuelta Eskubeltzeko lehendakariak azpimarratu duenez, “ekitaldiak beste behin erakutsiko du, talde eskautak 35 urte bete dituen honetan, Algortan eta Getxon inoiz baino erro sakonagoak dituela”. Revueltak gehitu duenez, taldearen lanak “ez du aisialdiko jarduerak dinamizatzea soilik helburu, udalerriko komunitatearen garapenean modu proaktiboan parte hartzea ere bilatzen du”. Horren harira aukeratu dute urteurrenerako leloa: Auzoan errotuta.

Filosofia hori, hezkuntza-proiektuan jasotzen dena, taldeko kide diren 8 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteei ere transmititzen zaie. “Boluntario diren begiraleek taldeko haur eta gazteak inguruko errealitatean inplikatzen saiatzen dira. Gaur egungo dinamikek bultzatzen gaituzten indibidualismoaren aurka egitea da kontua”, azaldu du lehendakariak.

“Ekitaldia Eskubeltzeko kide diren edo izan diren pertsonengana iristea nahi dugu, baina baita gizarte- eta hezkuntza-arloan interesa duten guztiengana ere”, nabarmendu du Revueltak. Ildo horretan, topaketara herritar guztiak gerturatu daitezke, eta taldeko egungo haur eta gazteei, haien familiei eta begiraleei zuzenduta dago, bai eta beste garai batzuetan Eskubeltzeko kide izan direnei eta taldeak lankidetza estuan diharduen pertsona eta erakundeei ere.

Eskubeltz Algortako (Getxo) eskaut taldea da. 1991. urtean sortu zen, eta haren helburua da 8 eta 18 urte bitarteko neska-mutilak aisialdian heztea. Asteburuetan jarduerak, mendiko irteerak, boluntariotza, eta abar egiten dituzte, adinaren arabera. Gaur egun borondatezko hemezortzi pertsonako begirale-taldea dago, eta 120 gazte inguru daude. Gainera, bi begirale-ohien batzordek eta familiek laguntzen taldearen lana. Eskubeltz Euskalerriko Eskautak euskal eskaut taldeen federazioaren parte da. 

Si continúas usando este sitio, aceptas el uso de cookies. Más información

Los ajustes de cookies en esta web están configurados para «permitir las cookies» y ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues usando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en «Aceptar», estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar