Getxo aniztasuna ospatzeko elkartzen da
Joan den igandean, ekainaren 18an, Eskubeltz egon zen Getxon ospatu zen Munduko Arrozetako jaiaren laugarren edizioan, gure herriaren aniztasuna inklusioaren ikuspegitik ospatzeko asmoz. Taldeak jaiegun honetako edizio guztietan parte hartu du, baina aurtengoa oso berezia izan da, ez baitzen Covid-19aren pandemia baino lehenagotik ospatzen.
Munduko Arrozak jai giroko ekimena da, eta Getxon bizi diren pertsona, talde eta gizarte-erakundeen artean kulturartekotasuna sustatzea du helburu, beste herrialde batzuetatik etorritakoengan arreta berezia jarriz. Bere izena egunean zehar egiten diren jardueretako batengatik jasotzen du. Elkarte bakoitzak arroz plater bat prestatuko du eta lehiaketara aurkeztuko da. Hainbat sari daude, hala nola zapore onena edo giro onena sukaldean.
Jardunaldia Santa Eugenia plazan hasi zen eta bertan tailer ezberdinak egin ziren. Gazteak aurpegia margotu ahal izan zuten, tximino-ukabila, eskumuturrekoak, marakak, kartelak… egin zituzten. Plazan, Kolonbiatik zetorren ipuin kontalari bat ere izan zen eta bere herriko ipuin herrikoiak kontatu zizkien.
Tailer eta ipuinen ondoren, egunak Romo Eskolan jarraitu zuen. Bertan zuzeneko musikaz gozatu ahal izan zuten paella prestatzen zuten bitartean. Eguraldia lagun izateari utzi bazion ere, ez zuen eguneko programazioan eraginik izan. Eskubeltzek paella bukatu zuen, plater bat gorde zuen lehiaketako epaimahaiarentzat eta gainerakoa jan egin zuen.
Bazkaldu ondoren sariak banatu ziren eta eguna ospatzeko karpa dantza pista bat bihurtu zen. DJ Mustak festara joan ziren herrialde guztietako abestiak jarri zituen. Eguna amaitzeko kalejira bat egin zen eta Filipinetako hainbat taldek haien eskualdeko dantzak erakutsi zituzten.
Eskubeltz kultura guztien inklusioaren eta arrazakeriaren aurkako borrokaren alde dago eta modu aktiboan parte hartzen du herriko ospakizunetan. Horregatik, harreman estua du jai honetan parte hartzen duten elkarte askorekin, eta guztion artean mundu hobea eraikitzen jarraitzeko aukera paregabea dela uste du. Gero eta gutxiago geratzen da Munduko Arrozetako bosgarren edizioa ospatzeko.











