Otsailaren 4a: Eskubeltz Santa Ageda kantuan
Otsailaren 4an, Santa Agedaren bezperan, Eskubeltzeko adar guztiak elkartu ginen Algortan urtero egiten dugun ohitura berezi bati jarraipena emateko: Santa Ageda kantatzera ateratzea. Trinitarioetako elizan egin genuen hasierako hitzordua, eta bertan bildu ginen Eskubeltzeko koskorrak, kaskondoak, oinarinak, azkarrak eta trebeak, Algortako Gazte Lekuko kideekin batera. Gurekin izan genituen, gainera, San Nikolas Zabalikeko erabiltzaileak, baita Eskubeltzeko gurasoak eta Asabak, guztien artean tradizio hau partekatu eta bizirik mantentzeko asmoz.
Baserritarrez jantzita, makilak eskuetan, abesteko gogoz eta kriseiluaren argipean, Algortako kaleetan barrena abiatu ginen giro alaia sortuz. Kantuez gain, geldialdi bakoitza elkargune bihurtu zen, dantzarako eta elkarrekin egoteko tartearekin. Horrela, zazpi jauzi, esku dantza, San Petrike eta Txulalai dantzatu genituen, auzoko kale eta plazak mugimenduz, erritmoz eta irribarrez betez. Parte-hartzaileen aniztasunak, txikienetatik helduetaraino, egunari balio berezia eman zion.

Santa Ageda bezperako ospakizunak badu, ordea, esanahi sakonago bat ere. Santa Ageda bezperako ospakizunak esanahi berezia du guretzat. Kristau bezala jazarria izan zen emakume ausarta izan zen, eta gaur egun borrokaren eta konpromisoaren sinbolo gisa gogoratzen dugu. Tradizio honek gogorarazten digu altxatzea, kantatzea eta elkarrekin biltzea, garrantzitsua dela, lurra esnatzeko ez ezik, gure ideiak eta balioak defendatzeko ere; horregatik, Eskubeltzen horrelako ohiturak zaindu, defendatu eta hurrengo belaunaldiei transmititzea ezinbestekotzat jotzen dugu.
Arratsaldeak aurrera egin ahala, herrian zehar ibiltzeak aukera eman zigun Santa Agedako kantu desberdinak entzuteko, ahots eta bertsio askorekin topo egiteko eta Algortan sortzen den giro tradizional bereziaz gozatzeko. Iluntzean, 20:00ak aldera, metroko plazan elkartu ginen azken kantuak entzuteko, a capella abestutako ahotsak gozatzeko eta 2026ko Santa Agedaren azken “ieup!” indartsua elkarrekin oihukatzeko. Eta eguna ezin hobeto amaitzeko, gure lokaletan bildu ginen txokolate bero bat hartzeko, gurasoek prestatutako txokolatada batekin, une ludiko, bero eta familiarra elkarrekin partekatuz.






