Trebeak Arrigunaga hondartza garbitzen
Joan den larunbatean, urriak 25, Trebeak Arrigunaga hondartzan garbiketa-lana egiten aritu ziren. Ekimen hau iaz sortu zen, Algortako inguruko errealitatea aztertzeko egindako lanaren ondorioz.
Iazko ikasturtean, deskubierta izeneko jarduera egin zuten. Horren bidez, auzoko errealitatea aztertu zuten, inguruan zeuden beharrak eta arazoak identifikatzeko. Ikusi, epaitu eta ekin metodologiari jarraituz, lehenik ingurua behatu zuten, eta ondoren, zein egoerak behar zuen erantzun edo konponbide bat hausnartu zuten. Atera ziren proposamen guztien artean, hondartzen kutsadurari heltzea erabaki zuten, hondartzetan pilatzen den zabor kopuru handia ikusita.
Horrela sortu zen proiektua, eta aurten jarri dute martxan. Bainu-denboraldia amaitu ondoren egitea erabaki zuten, garbiketa egiteko une egokiena zela uste baitzuten.
Lau ordu inguruz aritu ziren lanean, eta hondartzan sakabanatuta zeuden hondakin ugari bildu zituzten: plastikozko botilak eta ontziak, era guztietako zaborra eta baita tamaina handiko objektuak ere, pneumatiko bat, esaterako. Hondakin asko begi-bistan zeuden, baina beste batzuk hondar artean eta hondartzako hainbat txokotan aurkitu zituzten.
Ekimen honen bidez, Trebeak taldeak Arrigunaga hondartzaren egoera hobetzen lagundu du, eta, aldi berean, gure inguruko errealitatea behatzetik eta aztertzetik abiatuta, beharrak identifikatu eta horiei erantzuteko ekintzak egin daitezkeela erakutsi digu.
Arrigunaga contaminación eskaut hondartzak kutsadura limpieza mar playa trebeak






